jueves, 23 de diciembre de 2010

Aitor Zubietaren lesio larria

Binakako Txapelketa irabaztetik kirofanora pasa beharko du Etxarri Aranazko Aitor Zubieta pilotariak. Bigarren mailako buruz burukoan aritzekoa zen ostiralean baina txapelketari uko egin behar izan zion, eskuin eskuko kailua zabaldu zitzaiolako. Horren aurrean, geldialdia egin eta kailua behar bezala osatzeko tartea hartzea erabaki zuen etxarriarrak. “Denbora asko neraman arazo horrekin arrastaka, eta geratzeko eta eskua osatzeko denbora iritsi zela erabaki genuen. Txapelketa uzteak pena handia eman zidan, kolpe eta momentu onean nengoelako, baina horrela ezin da atera txapelketa batera” zioen etxarriarrak aurreko astean. 

Bada, kailua bere osotasunean sendatzeko hilabete inguruko baja izango du Zubietak eta tarte hau ere ezker belaunean artroskopia egiteko baliatuko du atzelari etxarriarrak. Artroskopia ebakuntza astelehenean eginen diote Urbarmin klinikan, eta Aspek bidalitako partean jasotzen denez, pilotariak 4 edo 5 aste emango ditu kantxetatik kanpo. Izan ere, belaunak arazoak eman dizkio Zubietari. Pilotariak 16 urte zituela kolpea hartu zuen, belauneko hezur bat askatu zitzaion eta artroskopia baten bidez torloju batekin soldatu zioten. Azkenaldi honetan pilotariak erresonantziak egin ditu belauna nola zegoen jakiteko eta torloju hori berriz ere ongi eusteko ebakuntza egitearen beharra ikusi zioten. Ez omen zen azkar eta presaka egiteko kontua, baina kailua osatzeko geldirik zegoela aprobetxatu nahi izan dute aldi berean belaunaren arazoari heltzeko. 

Kailua garbitu egin diote, eta badirudi ongi ixten ari dela, eta ebakuntza egin eta hurrengo egunean joango omen da etxera, baina maiatz erdira arte geldirik egon beharko du etxarriarrak. Udako torneoetarako ongi osatzea da bere asmoa, udan dena emateko.